Gure esker ona

Erabiltzailearen aurpegia Katalamixon 2021ko mai. 27a, 21:35

Egin ezin zitekeenari baino, egin zitekeen horri heltzea erabaki genuen, eta lortu badugu, zuekin batera izan da. 

2020/2021 ikasturtea denok dakigun legez, nahiko ikasturte arraroa izan da. Ziurgabetasunak eta beldurrak izan ziren gure artean, ikasturtea nola hasiko genuen, zein baldintzatan, zer egin ahalko zen eta zer ez. Egoera bereziaren baitan, egin zitekeen horri heltzea erabaki genuen, umeen artean zeuden beharretatik abiatuz proposamen berriak eginez. Azkenean, bi proiektu berri jaio ziren, Muntsaratzen, Zelaietan eta Traña-Matienan gorpuztu direnak. Alde batetik, Sortu Daigun, astelehenetik ostegunera 134 umek sorkuntzaz gozatu duten espazioa. Beste alde batetik, euskara indartzeko saioak sortu ziren. Konfinamenduaren ondorioz, euskarak beherakada nabarmena izan zuen, izan ere, ume batzuek ez zuten euskaraz mintzatzeko aukerarik izan hilabete luze horietan. Abadiñoko eskolek identifikatutako beharrari erantzuna emanez sortu ziren euskara jolasaren bidez indartzeko saioak, 80 ume inguruk parte-hartu dute bertan.

Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu proiektuetan jardun duten hezitzaile guztiei, gogoz parte-hartu duten umeei eta familiei. Badakigu antolaketa ez dela erraza izan eta benetan eskertzen dugu egoera ulertu eta laguntzeko prest egon izana.

Era berean, Xake Taldeari eta Muntsaratz Auzo Elkarteari ere beraien lokalak utzi izana eskertu nahi diegu.

Jarraitzeko, Abadiñoko ikastetxeen lana goraipatu nahi dugu, eskainitako laguntzarengatik eta hezkuntza komunitatean dihardugun eragile ezberdinen arteko elkarlana errazteagatik.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiogu baita Abadiñoko Udalari proiektuak egin ahal izateko emandako dirulaguntzarengatik eta utzitako udal eraikinengatik.

Izandako harrera ona ikusita lanean jarraitzeko  gogoz emango diogu amaiera ikasturteari eta ahal dugun guztia egingo dugu proiektuek datorren ikasturtean jarraipena izan dezaten! Mila esker!
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!