Zuek ere jasoko zenuten Whatsappen bolo-bolo dabilen mezua, Anbotok bart arratsaldean emandako titular beldurgarriarekin: “Durangon bahiketa selektiboak egingo dituzte 13 eta 40 urtekoen artean”. Kontuz gero! Baina zein etorri da ba, Sinaloako mafia? Escobar eta bere banda?
Ez ba: Facebooken itzultzaile automatikoa izan da alarma piztu duena. Teknologia zer den: bada jendea Anbotoren Facebookera sartzen dena hemen argitaratutako albisteak gazteleraz irakurtzera. Anbotoko albistean sartu, itzultzeko botoiari eman eta, hara! Itzultzaile neuronalak ‘baheketa’ hitza aurkitu eta, ezagutzen ez zuenez, bere hipotesiak egiten hasi da: ‘bahiketa’ nahiko antzekoa dela iruditu zaio robotari, eta halaxe itzuli du titularra.
Hortik aurrera, badakizue nola doazen gauzak gaur egun: Whatsapp taldeak jijiji, Facebook eta Twitter jajaja… konturatu orduko jendea haserre ere bai: “baina nola liteke Anbotok halako astakeria idaztea!”. Anbotoko lankide gaixoek albisteak euskaraz ematearekin nahiko lan ez, eta erdaraz jartzen ere arituko balira bezala!
Uste dut hiru lezio txiki atera behar direla “hiztripu” txiki honetatik. Txikiak baina garrantzitsuak!
BAT.- Anboton albisteak euskaraz baino ez dira kontatzen… eta albiste horiek irakurri, entzun eta ikusi ere, komeni euskaraz egitea. Pelikulekin bezala: jatorrizko bertsioa beti da hobea, itzultzailea bikaina bada ere.
BI.- Itzultzaile automatikoak asko hobetu dira azken boladan, baina hala ere, oraindik asko falta zaie fidagarriak izateko. Eta inoiz halakoren bat erabili behar izanez gero, ez fidatu Facebookekin eta bertoko produktuetara jo: Elhuyarren Itzultzailea.eus, Eusko Jaurlaritzaren Itzuli eta Vicomtechen Batua.eus, hirurek erabiltzen dute punta-puntako teknologia… eta hirurek ulertzen dute behar bezala Anbotoren titularra, itzulpen arrarorik egin gabe.
HIRU.- Honezkero ondo ikasita izan beharko genuke hau baina… Kontuz ibili Whatsapp bidez iristen zaizkigun ‘albisteekin’. Ez sinetsi ikusten duzuen guzti-guztia! Anboto komunikabide bat da: jendea dauka lanean inguruan gertatzen dena behatu eta kontatzeko. Whatsapp… enfin, Whatsapp lagun kuadrilla da, zorte apur batekin!
Gogoratu: itzultzaile automatikoak lagungarriak izan daitezke, baina kontuz ibili behar dira. Gogoratzen duzue zer gertatu zitzaion Oskorriren ‘Furra, furra’ kantuari, Googleren itzultzailean buelta eta buelta sartu genuenean?