Ondoren, Balendin Lasuen aipatuko nuke, bera izan baitzen, ekipo on batez inguraturik, 1967tik hasita, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren lemazain. Hirugarren presidentea, 1972an hautatua, izan zen Jose Ignazio Alberdi, honek diktaduraren Estatuko ordezkaririk zitalenen presiopean –ez ahantz Tribunal de Orden Públicora joan behar izan zuela prozesatuta – jaso zuen elkartearen gidaritza, beraz, Azokarena ere bai.
Gero dator, 1978an, Sabin Goikolea presidentea, eta presidenteorde Anton Mari Aldekoa-Otalorak hartu zion txanda 1983an. Anton Marik hartu zuen elkartearen gidaritza hogei urtez, hasieran baita Azokarena ere, ekipo urri batek lagundurik.
Nerea Mujika presidenteak eta bere taldeak dihardu azken urteotan Azokaren erantzukizun gutxi baloratuan. Ez nuke amaitu nahi, bera izan baita urterik gehien lanean jardun duena –hori bai, balorazio gutxirekin–, Jon Irazabal aipatu barik.