Errepublikanoak Durangaldean

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Lizundia 2014ko api. 25a, 08:30

Errepublikanoen ezagutza eskasa dago gure eskualdean, baita Euskal Herri osoan. Agirre Lehendakariaren gobernuaren osaera hobeto ezagutu behar litzateke, zeinetan bera jeltzalea izanik, baita beste zenbait sailburu, sozialistak ere izan ziren, komunista bat eta ANVko bat ere, baina alderdi errepublikano bietako bi: Aldasoro tolosarra, Acción Republicanakoa eta Espinosa bilbotarra, Izquierda Republicanoa. Gainera, azken hau, zoritxarrez, faxistak arrapatu eta afusilatu zuten.


Durangaldean ere, Francoren kontra borrokatu zutenen artean, aipatu gobernukideez gain, Jagi-Jagi eta anarkistak ere izan ziren. Errepublikanoek ere izan zuten bere partaidetza, batek behintzat  heriotza jasan zuena, Berrizko alkate Felipe Urtiagak eta beste batzuk kartzela edo depurazioa. Depuratuetako bat Juanito Zugaza izan zen, Abadiño, Garai, Izurtza eta Mañariko albaitaria (udal artxiboan ikusia dugu “depurado por republicano”).


Errepublika garaian, Berrizko alkateaz aparte, beste hautetsi batzuk  ere izan ziren Durangaldean: Camarero Durangoko zinegotzia  eta Julian Irazola, Abadiñoko alkatea, era berean, Aldundiko “Gestorak”, diputatu, alegia,   eskualdearen ordezkari gisa. Ondo informatu banaute, batzokitik nahikoa hurbil, gero “Foto Germán” egon zen lekuan, Ezkurdi eta Ermodo ertzean,  zeukan egoitza alderdi errepublikano batek, seguru asko “Acción Republicana” izango zen. Interesgarria litzateke jakitea jeltzale, sozialista eta karlistek gain, alderdi errepublikanoetako zenbat eta zeintzuk zinegotzi zeuden Durangaldeko udaletan. Memoria historikoa hainbeste aldiz entzuten dugunez, Euskadi eta Errepublikaren aldekoen historia osoa jakitea onuragarri litzateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!