Durango Iruñetik 802 urtera

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Lizundia 2014ko ots. 21a, 08:00

Durango eskualdea Iruñeko erresumatik aldendu zela, zoritxarrez, 802 urte dira. Badirudi, ekainean Durango uria eta Iruñea hiria sinbolikoki "elkartzeko" asmoa dagoela. Egitasmo horren eratzaile adiskideekiko begirune osoz, hausnarketa xume hau egitera noa.

 

1200. urtean, Gaztelako erresumak bereganatu zituenean Araba eta Gipuzkoa, Durangaldea Iruñeko erresumatik bereizita  gelditu zen. Hamabi urte geroago, Navas de Tolosako guduan, Nafarroako erregeak, Haroko kondeari, hots, Bizkaiko Jaunari "oparitu" omen zion gure eskualdea, eta hala jarraitzen dugu 802 urte bizkaitar gisa.

720 urte geroago, 1932ko ekainaren 19an, Durangaldeko orduko 14 udaletatik 12k baiezkoa eman zioten Iruñea eta Durango politikoki elkartuko zituen Estatutuari. Ermuak ezetza eman zuen, eta Durangoko alkatea joan ere ez zen egin Gaiarre Antzokiko biltzarrera! Nafarroako udalen gehiengoek, batzuek tranpaz, ezetza eman zioten, beste hirurekin elkartzeari.

Franco diktadore eta Errepublikarekiko traidorea 1975ean hil ondoren, eta 1979 bitartean, berriz borrokatu genuen Durangaldea eta Iruñea elkartu zietezen. Gure ilusio hori zapuztu zen/ziguten/genuen, eta hala jarraitzen dugu. Bai, zapuztu gintuzten "navarrista" eskuindar guztiek, gudu politikoa irabaziz, baina, baita ere, zapuztu genuen iritzi kontrajarriko indar abertzaleok ere. Angeluko Xibertako batzarra, zorigaiztoko lekuko nagusia, eztabaida baino gehiago kalapita izan zen: Altsasuko Mahaiko alderdietakook, ETA-m eta ETA-pmren interes kaindarren txotxongilo, EAJ bereestrategia propioarekin. Abertzaleok mokoka, nafar sozialistakPSE barruan, beste hirurekin, eta 4-5 urte horietan Jaime Ignacio del Burgo espektakulu hori espaloitik ikusten pozik, irabazle.

Orain ere, bizi baita del Burgo, Barcina eta enparauak espaloian egongo dira, Durangotik Iruñerako "lotura" sinbolikoari so. Mendebaldekoen “prozesio” jendetsu bat dela esango dute, eta ohera lasai joango dira, "Navarra (Santiago) y cierra España" errezatuz. Ni pesimista, zeren eta gure artean ez baitut autokritikarik xumeena ikusten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!