Kristolango erromeria izaten da liburuzale bat hiltzen denean. Senidea hurbildu, eta borondate onenagaz: “Aitaren etxea garbitzen ari gara eta liburu batzuk kendu gura ditugu. Eramango dituzu?”
Normalean, baiezkoa da erantzuna. Hara joan, liburutegiari begiratu, eta zer egin pentsatzen duzu. Baliotsuak saltzea gomendatzen diezu, familiak eginiko inbertsioa berreskuratu ahal izateko; eta besteekin zer egin pentsatzen duzu. Gehienak liburu arruntak izan ohi dira eta hor hasten da kalbarioa: “Eraman, eta zuk jakingo duzu zer egin. Hori izango zen bere nahia”.
Liburu horietako asko aurretik ere liburutegian dituzu. Beraz, lehen pausoa herriko udal liburutegira joatea izaten da. Han lehen zaplaztekoa. “Ez ditugu jasotzen” entzun, eta etxera berriro. Gaur egun, gure arkitekto jaun txit argiek eginiko liburutegiak hain dira modernoak, liburuak gordetzeko biltegirik ez dutela. Ezetz honen ondoren, ibilbide luze bat hasten da, eta, normalean, norberaren etxean amaitzen dute liburuok. Eta familia haserre, jakina.
Irakasleek eta ikasleek behar dituzten liburuetako asko ez daude libutegietan. Ez da posible liburu biltegi bat sortzea merinaldean horiek gorde eta interesa duenari eskaintzeko?