Sorginen itzalera

1617ko irailaren 3an Durangaldeko alkateek Gerediagan bildurik Batzar Nagusian sorginkeriak zekartzan kalteei buruz eztabaidatu zuten eta euren aurkako neurriak hartzea erabaki zuten. Hurrengo batzarretan jarraitu zuten gaia eztabaidatzen eta euren ustez sorginak ziren gizon eta andreen aurkako errepresioa antolatu zuten nahiz eta agintari zibilak eta erlijiosoak, inkisidoreak, ez egon ados euren eskariarekin.

Elizak urte batzuk lehenago, “txip”a aldatuz, onartuta zeukan Alonso de Salazar y Frias inkisidoreak Zugarramurdiko epaiketa ostean egindako ikerketa eta txostena. Bertan sorginak ez zeudela eta sorginkeria gizarte ez jakintsu baten mito, beldur eta antzerako egoera baten ondorioa baino ez zela nabarmentzen zen. Hegaldiak eta abar gizon eta andreen kaskezurretako garunetan bakarrik gertatzen zirela.

Gaspar del Hoyo Alberar Durango Merinaldeko Teniente Korrejidoreak alkateen eskariarekin bat eginez atxiloketa eta bestelako errepresio neurriak burutu zituzten gure inguruko gizon eta andreen kontra. Eliza, ikuspuntu berrituagaz, ez zen egon prest errepresio gehiago babesteko eta saiatu zen arazoa bideratzen. Helburu horrekin Alonso de Salazar y Frias bidali zuten Bizkaira eta nahiz eta oraindik zenbait gehiegikeria gertatu, lortu zuen 1618an bortizkeriei amaiera ematea.

400 urte igaro ondoren Gerediaga Elkarteak pentsatzen du merezi duela gure historiaren lerro beltz hauek gogoratzea. Baita ere ikusten du urteurren hau momentu egokia dela andre eta gizonen arteko berdintasuna eta pentsamendu, kontzientzia eta sinesmen askatasunaren aldeko aldarrikapen bat haizeratzeko. Ondorioz ekainaren 9an, 12etan, Gerediagako Batzar Zelaian gizarte guztiari zabalik dagoen Merinalde Egunean burutuko du eta bertan Durangaldeko alkateek eta zenbait agintarik askatasunaren aldeko manifestua sinatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!