Gudak puskatutako ikastola

Urriaren 2an, 50 urte beteko dira Iurretako Goiuria ikastolak ateak zabaldu zituela. Urte batzuk gorabehera zabaldu ziren gure inguruan Durangoko Kurutziaga, Matienakoa eta beste hainbat, baina ez ziren inguruko lehen ikastolak izan.

1935eko urriaren 27an, EAJk Durangoko lehen ikastola inauguratu zuen Astarloa Etxeko bigarren solairuan. Biharamunean, 60 neska-mutikok hasi zituzten ikasketak, Genoveva Leibar eta Felisa Aretxaga irakasleen gidaritzapean. Kristau heziketa emateaz gain, honakoa hartzen zen kontuan: “Hezkuntza euskalduna izan dadin, ez da aski hizkuntza, geografia... euskaraz erakustea. Aitzitik, ikastetxeko jarduera guztiek eta bakoitzak bitarteko izan behar dute, irakaskuntza oso-osorik euskalduna lortzeko.”

Irakaskuntzako ohiko ekintzetatik kanpo hainbat ekitaldi antolatzen zituen oso bizitza laburra izan zuen ikastola honek. Azken ekintza Arabako Estibalitz santutegira egindako ibilaldia izan zen, uztailak 14, guda hasi baino 4 egun lehenago.

Gerratik urruntzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak hainbat tokitara erbesteratu zituen umeak. Ume batzuk, 419, Donibane Garazin prestatutako kolonia batean bildu zituzten, 25 andereñoren ardurapean. Genoveva Leibar eta Felisa Aretxaga izan genituen haietako bi. Gerra ostean, irakasle moduan lan egitea debekatu zieten biei. Leibar Berrizko Madres Mercedarias Misioneras komentuan sartu zen eta 1942an orden hartako abituak hartu zituen. 1944an hil zen, 32 urte zituela. Aretxagak irakaskuntza alde batera utzita, sortzain ikasketak egin zituen, eta urte askoan Durangon jaiotza askoren lekuko izan genuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!