Abarketen eremu askatua

Gero eta herri gehiagotan daude kotxeei itxitako kaleak. Suposatzen da kotxe eta oinezkoen arteko “guda” horretan azken hauek ari direla gerra irabazten, eta hori sinetsi nahi nuke. Baina herri askotan, eskuratutako lur zatia goiz batean terraza batekin pribatizatuta agertzen da. Umeek lortua zuten espazioa galdu dute.

Terrazaren espazioa eta bezeroek behar duten “segurtasun eremua” berriz beste batzuena da. Metroa hartu eta kalera joanez gero, kasu baten baino gehiagotan ikusiko genuke plaza oinezkoentzat bakarrik jarri ondoren, azken hauek kotxeekin partekatu behar zutenean baino leku gutxiago dutela.

Ez gara oinezkoen eremuak zabaltzen ari, eremu publikoa pribatizatzen baizik, herrietako tokirik onenetan, gainera. Pribatizazio eta segurtasun eremu horien ondorioz, edozein gauza antolatzerakoan, gero eta urrunagoko toki batera jo beharra dago eta jendearen erantzunean nabari egiten da hori.

Badakit udal askorentzat diru iturri direla terrazak, eta gure ostalaritzak behar duen bultzada direla, baina, gutxienez, argi azaldu ditzagun gauzak. Ez da etikoa ostiralean plaza inauguratzea eta asteartean pribatizatzea. Etxean jaio baina kalean haziak garenok, kalea erreibindikatu beharra dugu, eta espaloian kotxea edo motorra uzten duten gure lagunei aurpegiratu hori ez dela bere tokia. Udalari, oinezkoa babesteko mutiloiak jartzen dutenean espaloitik kanpora jarri behar direla esanez, eta ez babestuaren eremuari lekua kenduz. Bizikleta espaloian arrotza dela sasi ekologistei jakinaraziz. Bataila txiki baina ugariak, guretzat eta ondorengoentzat gure kaleak, gure herriak berreskuratzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!