Amatzako gerrako umeak

Gerraren 80. urteurrena dela-eta hemen gabiltza ia egunero, batetik bestera. Durangoko bonbardaketa, Saibigaineko gudaldia, Otxandioren “liberazioa”, etab. Baina gudak ere baditu bere istorio txikiak, eta horrelako bat ekarri gura dut gaur lerrootara.

1936ko irailean, Molak Gipuzkoa menperatu ondoren, Errepublikako soldadu eta milizianoak Durangerriko lurretara abitu ziren. Eurekin beraien “tresnak” eta hauen artean Donostiako kuarteletako bolborategiko  “trepetxuak” ere heldu ziren gure eskualdera. Bonba, dinamita eta antzeko jostailuak ezin dira edonon pilatu, eta agintariek egoki ikusi zuten herriko multzo nagusitik aparte kokatutako Iurretako eliza erabiltzea horretarako. Baina parrokia horretarako erabiliz gero, elizkizunak beste toki batean burutu beharko ziren, eta Amatzako San Martin baselizan egitea erabaki zuten.

Erabaki honen ondorioz, lau hilabetez gutxi gorabehera, 36ko azarotik 37ko otsailera, mezak, beste elizkizunak eta bataioak Amatzan burutu ziren. Epe horretan 25 iurretarrek hartu zuten bataio ura ermita txiki hartan. Lehena, 36ko azaroaren 5ean, Tomas Zugazartaza Begoñak, eta azkena, 37ko otsailean, Amatza bertako Mª Luisa Zamalloa Onaindiak. Guztira, 25 izan ziren bataiatuak, 14 mutiko eta 11 neskato. Guztiak gerra hasi orduko “enkargatutakoak”.

Momentu honetan ez dakit euretatik zenbat, baina badakit batzuk bizi direla. 80 urte igaro dira San Martinen begirapean euren buruan ur hotza sentitu zutenetik. Pentsatzen nabil, aurten, uztailean, bizi direnak bildu eta oroitu genitzakeela Amatzako jaietan, gerran heriotzak ezezik jaiotzak ere gertatzen direla gogoratzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!