Durango & museoa

Bidaiatzean beste lurraldeetako museoak bisitatzea da bidarien ohitura. Bidaiariez nabil, ez turistez. Turista gai da Durangoko turismo bulegoan kultur ondareari buruzko informazioa eskatu eta irtetean Kurutziagako kurutzeari begiratu barik joateko. Ez duzue sinesten? Egin proba...

Durangoko museoaz gain Durangaldean ia ez dugu historia-ondare arloko museorik. Elorrion Berriotxoari eskainitakoa eta Berrizen Margarita Maturanaren bizitzari eta lanari buruzkoa. Hortik kanpo, Astolako Kartzelan, Urkiolako Santutegian eta Garaiko Momoition dauden erakusketak.

Durangoko museoa oroimen historiak biltzen duen espaziotzat ikusten dut. Hainbat bider adierazi dut/dugu ez duela bere funtzioa betetzen, eta astindu baten beharra duela. Museo hori Durangoko uria ezagutzea posible egingo duen tresna bat izan behar litzateke, eta Durangaldera ere zabaldu beharko litzateke. Durango barik ezin da ulertu Durangaldea eta Durangaldea ere ez Durango barik.

Orain hilabete batzuk zuzendari berria izendatu dute, Garazi Arrizabalaga. Ikusten denez, ilusio handiarekin hartu du bere zeregina, eta pozgarria da hori. Ilusio horrek laguntza, babesa eta elkartasuna behar ditu, gure inguruak behar duen museoa lor dezan. Nola?

Adibidez, Durangaldeko alkate, zinegotzi eta herritarrak bertaratuz, gure etxeetan dauzkagun objektuak —iraganarekin lotura dutenak— jendearen gozamenerako gordailutze modura utziz... Ekimen txiki askoren bidez, hobetu dezagun San Agustineko Museoa. Dirua zutabetariko bat da, baina ez bakarra. Animo, Garazi, esku bat baino gehiago dituzu laguntzeko prest.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!