Orain hamar urte, 2006ko martxoan, Manolok eta Raquelek hartu zuten alokairuan. Extremadurarra eta madrildarra dira jaiotzez, baina, gaur egun, iurretar petoak. Gobernatu diot, ze, askotan, han biltzen ziren/garen asko benetan gobernatu beharra izan ditu tokiko errejentak. Arloteen txokoa, mutilzaharren egoitza, Iurretako azken txikiteroen “estazio” eta askoren etxeko bakartasunaren antidotoa izan da bodegillie. Goitegi azpiko mahaiek hitz eginez gero, zenbat gezur eta berriketa kontatuko zuten, baina ez dago beldurrik, diskrezioa eta leialtasuna izan ditugu bikote honen bertuterik onena.
Mafaldatarrak bihurturik, “bizitza bizitzeko da” esaten zuen neskatila hark, aurreko eguenean, San Migelak amaituta, Raquelek amantala eskegi eta Manolok, ontzi-garbigailuak bukatu duen begiratu gabe, agur esan eta alde egin digute mostradore ostetik Iurretako txikitero, arlote eta abarri. Testigua Sergio semeari pasatu eta beste bide batzuk urratzera joan dira. Urteetan pentsatutako beste plan batzuk betetzera. 50 urte dituzunean bizitza bizitzen ez baduzu, noiz burutuko dituzu amets eta proiektuak?
Baina, ez pentsa Manolo perfektua denik. Nola demontre da posible Iurretan tabernari bat “blaugrana” izatea. Osasunakoa izatea ulertzekoa da, baina blaugrana? Benetan ulertu ezina. Dena dela, mila esker hamarkada honetan eman eta eskainitakoagatik. Espero dut Sergiok zuen marka gainditzea, nahiz eta gaitz jarri diozuen!