Urkiola & Londres

Urkiola izenarekin hainbat eraikuntza, toki eta tramankulu bataiatu dira. Euren artean, 1949an Sestaoko La Naval ontziolan Aznar enpresarako egindako itsasontzi bat. Kanarietatik Londresera egiten zuen itsasontziak bidaia, turistak eta fruta eramanez.

Bilbon eraikitako burdinazko ontzi hau maitemindurik zegoen Londresko zubi famatuarekin, eta ez zekien nola adierazi maitasun hori. 1945eko urtarrilaren 27an Londresko zubiko zutabe bati “musu” bat eman zion: itsasontziak eta zubiak topo egin zuten. Tamesis errekako praktiko eta atoiontziek errekaren ardura bazuten ere, ez zuten lortu Urkiolak muinik ez ematea zubiari, egunkariek diotenez. Kalteak ez ziren handiak izan, eta hurrengo egunean bere bidaiari berrekin zion.

Baina, maitasuna benetakoa denean benetako da eta, urte bereko martxoaren 10ean, gure itsasontziak beste “musu” bat eman zion bere bihotzeko zubiari. Madrilgo ABC egunkariak hauxe idatzi zuen: “Urkiolak aurrera darrai Londresko zubien aurkako bere gudaldiarekin”. Ikusten denez, praktikoak eta atoiontziak ez ziren hain praktikoak.

Baina, “ez dago birik hirurik gabe” gaztelaniazko esamoldeari jarraituta, handik hiru urtera, 1957ko martxoaren 20an, gure Urkiolak hirugarrenez jo zuen Londresko zubia. Zubia zabaldu eta ixteko aginte kontrola eta makineria zeuden zutabearen kontra jo zuen. Zubia itxita egon zen kotxe eta itsasontzientzat, eta Londresen sortu ziren buxadurak neurrikoak izan ziren. Dena burdin arteko maitasun istorio bat dela-eta. 1976an Singapurreko armadore batek erosi zuen Urkiola, eta 1978an zatikatu egin zuten. Goian bego!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!