Jose Zabala Gerenabarrena euskaldun petoa izan genuen. Arrantza bere zaletasunetako bat, eta bertsolaritza bestea. Bertsoa gustuko zuenean “sakona, sakona...” esaten zuen, totelka. Berrizko forjako langilea zen, eta han amaitutakoan, arratsaldez, barberu Eubako Pijonen taberna barruko gelan.
Lana eta afizioak ez ziren bere ardura bakarrak. Bazituen beste kezka batzuk ere, eta euretako bat nagusiei laguntzea zen. Barberu izanik, nagusiei ilea doan mozteko prest azaltzen zen beti, eta 1979an, 50 urte egiteko zela, jubilatuentzat doako ile-apaindegia antolatu zuten Iurretako “Carpintería Tabira”n, hileko lehen zapatuetan. Ile-apaindegia eta tertulia leku bihurtu zen aroztegia.
Lau bat urte igaro zuen asmakizunak, baina utzi beharra izan zuen salaketa bat medio. Gero, saiatu zen Iurretako nagusien egoitzan, baina han ere arazoak. Azkenik, asperturik, amore eman eta labana erabiltzeari utzi zion.
Esan liteke gertaera hura ez zela gauza handia izan, baina garaia bizi izan genuenok badakigu horrelako gauzak garrantzitsuak izan zirela. Iurretatik urrun hil da, eskerrik jaso gabe, baina ez dugu ahaztu gure “Jojose”.