“Hurrengoan zergatik ez goaz Erriberara, Jose Antoniogana [Arana Martija]” esan zidan Jose Luisek [Lizundia] behin. Atari beltz batean sartu, eskailerak igo eta atea ikusita “erratu egin naiz, hemen ezin da izan”, pentsatu nuen. Badaezpada, txirrina jo eta… Euskal Herriko altxorrik handienetako bateko atea zabaldu zitzaidan, Azkue liburutegikoa. Liburuz betetako etxe hartan hiru pertsona aurkitu nituen paper artean: Jose Antonio Arana Martija, Josune Olabarria eta Nere Altuna. Horrela “jausi” nintzen, duela 30 urte, Bizkaiko eta Euskal Herriko kultur zulorik handienean.
Aipatutako hiru hamarkada hauetan ehunka bider joan naiz, hasieran Erriberara, eta gero Plaza Berrira, liburuak eta eskuizkribuak kontsultatzera, informazio bila edo barriketan egitera. Urte horietan hartu-eman oparoa izan dut/dugu, eta nobedadeak ere bizi izan ditugu; Jose Antonioren erretiroa eta heriotza, Pruden Gartzia zuzendari berri izendatzea, Neren erretiroa eta gaur, martxoak 16, Josunena. Betirako zelakoan, hau ere erretiratu zaigu. Faltan sumatuko ditut/ditugu bere aholkuak, baina ongi irabazia du, 37 urteko lanaren osteko atsedenaldia. Bihotzez, Gerediagaren eta nire izenean, mila ez, milioika esker eman diguzun guztiagatik. Nire/gure lan eta garaipen askok zure sinadura dute. Esan beharrik ere ez dago gure ateak zabalik dituzula. Musu bat!