Zorionak ala mila esker?

Bukatu da 2015. urtea, eta haregaz batera Gerediaga Elkarteko 50. urteurrena. Urteurrena dela eta, urte osoan hainbat kultur ekintza eta oroimen ekitaldi burutu dira. Geldiguneak ere izan dira elkartearen etorkizunari buruz gogoeta orokorra egiteko.


Gerediagak, besteak beste, liburu bi plazaratu ditu, 50 urteotan burutu duen bidea biltzeko. Lehena, Elkartearen historia orokorra biltzen duena, eta bigarrena, Azokaren iragana.

Abenduaren 27an Gerediagako Foru Gunean ospatu genuen Merinalde Egunean, ekitaldi osteko lagunarteko berriketaldian, andra bat hurbildu, eta liburuok irakurritakoan harrituta gelditu zela azaldu zigun. 50 urteotan gerediagatarrek eskualdearen alde egindako lan eskergagaz harrituta.   

Andraren harridurarako, Gerediagaren lehen garaietatik bazkide den pertsona batek hauxe erantzun zion:
- Dirudienez, denak ez dira iritzi horretakoak.   
- Nola esan dezakezu hori?
- Badakizu elkarteak ez duela urte guztian instituzio, elkarte edo erakunde batek bidalitako zorion edo esker oneko gutunik jaso? Ez oroimen aipamenik, ez gonbiterik jai hasierako txapligorik edo antzerako ekitaldietako protagonista izateko?

Hain harrituta ikusita, animoak eman genizkion, esanez gerediagatarrok eskualdearen alde lan egiten dugula, eta ez “berba gozoak” jasotzeko, nahiz eta horiek gustukoak izan, eskertzeko eta animoa emateko beharrezkoak ere badira eta.  Honelako egunetan, inbidia sanoa izaten dut hainbat kirolek jasotzen duten arreta ikusita.

Dena dela, mila esker eta urte berri on!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!