Bere herriko iragana ezagutzeko afizioa izan zuen, eta Noticias históricas de la Noble y Leal Villa de Tabira de Durango koadernoa idatzi zuen. Bera hil ondoren, Manuel Andres de Isusik kuaderno hura Ramon Etxezarretaren esku utzi zuen. Ramon Etxezarretak, gaur egun Durangoko Museoa kokatzen den jauregiko etxaunak, ohar haiek orraztu eta gehitu zituen. 1868an, Tiburcio Astuy zuzendariaren ekimenez, Bilboko Euscalduna egunkarian argitaratu zen. Liburua lortzea oso zaila zen, eta eskuz edo makinaz idatzitako kopiak erabiltzen ziren.
1967an kaleratu zituen Gerediaga elkarteak lehen argitalpenak. Iurretako bazkideek prestatutako Abestiak liburuxka, eta Leopoldo Zugazak eta Jesus Astigarragarrak bultzatuta Beitia eta Etxezarretaren liburua. Entzunda daukatenez, Astigarragatar familiak zeukan ale bati esker egin zen edizioa hau. Beitiaren liburua oso ondo saldu zen, eta zabalkunde handia izan zuen. Edizioko azken aleak 1980 inguruan, Astolako etxeko hezetasunak kaltetuta, bota beharra izan genuen.
Jendeak liburua eskatzen zuen, eta interesgarri ikusten genuen Durangoko historiaren klasiko hura berreskuratzea. Cafés Baqueren babesarekin berrargitaratu genuen, 2002an. Historiagile askorentzat ez da izango liburu handi bat, baina niretzat behintzat, koaderno hartan idatzitako oharrak oinarrizkoak dira XIX. mendeko Durango ezagutzeko.