Itzulera

Bukatu dira askorentzat oporrak eta urteroko kultur murgilketa garaia. Ikusi dute hainbat eliza, jauregi, museo, toki historiko... eta benetan pozten naiz garagardo fresko artean tokian tokiko bitxikeriak ikusteko denbora ere izateaz. Baina pentsatzen dut merezi duela murgiltze hori bukatutzat ez ematea. Hurrengo oporraldira arte baditugu hileak oraindik ere hain gustukoa izan dugun esperientziarekin gozatzen jarraitzeko, eta, gainera, garesti izan gabe eta urrun joan gabe.


Durangerrian eta gure eskualdetik kanpo ere leku zoragarriak ditugu. Bilbon, Euskal Museoa: hainbat bider aipatu izan den Mikeldia, Tabirako itsasontzia eta Abadiñoko Lebario olaren maketa ikus ahal ditugu, besteak beste. Museo horren aurrealdean dagoen arkeologia museoan, Abadiñon, Garain, Elorrion, Iurretan eta beste herri batzuetan aurkitutako antzinako aztarnak daude. Sortaldean, Elgoibarren, gure ondare industrialaren museoa. Orain urte gutxi arte gure senitarteak erabili izan dituen makinak. Ikustekoa da gure nagusiek nolako aurpegia jartzen duten urteetan erabilitako makina eta tresnak museoko pieza bihurtuta ikustean. Urkiola gaindituz, Olleriasen, Blanka Gomez de Segura nekaezinaren emaitzak ikusi daitezke buztingintzaren museoan. Iurretan, Durangon edo Apatamonasterion egindako pitxer, katilu eta bestelakoak daude ikusgai.

Bisitok egokiak dira oporretako usaina urtean zehar luzatzeko eta iragana hobeki ezagutzeko. Bihar goizean, larunbata, Goienkalera bidean zergatik ez Durangoko Museora edo Andra Mariko elizara lehenengo bisitaldia egin? Benetan bitxikeriaz beteak daude biak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!