Hauteskundeak

Igandean, berriz, lau urtez behin bezala, nahi duenak bere botoa emango du. Oraingoan hurbileko hautaketa egin beharra dago, zinegotziak eta Gernikarako ordezkariak. Askok izango dituzte zerrendetan familiartekoak, lagunak eta ezagunak. Oso ongi ezagutzen ditugun gizon eta emakumeak, eta… hainbeste ezagutzeak zalantzak sortzen ditu. “Baina honek zinegotzirako balio du?”. Galdera hori bakoitzak erantzun behar du. Dena dela, kanpaina igaro ondoren, konturatu naiz hauteskunde hauetan badagoela mamu bat inork ez duena aipatu ere egin.


Madrilek asmoa du herri administrazioko legea aldatzeko. Saiatu izan da, eta zirriborro bat ere prestatu izan du, baina momentuz berriz gorde du, jaso duen kritika zaparradagatik. Proposatzen zuten 5.000 biztanle baino gutxiago duten herriak eta mankomunitateak desagertzea. Pentsatu dute horrela herri mailako estruktura arindu eta kostuak gutxituko direla. Gure eskualdean 9 udalerri desagertuko lirateke; Otxandio, Mañaria, Izurtza, Iurreta, Garai, Berriz, Zaldibar, Mallabia eta Atxondo. Desagertu ezean, euren eskumen asko, urbanismoari dagokiona adibidez, Foru Aldundiaren esku geldituko litzateke.

Badakit esango dutela Madrileko gobernuak gure lurraldean ez duela arlo horretan eskumenik. Irakaskuntzan ere ez, baina… Ikusten dugu beti topatzen dutela bideren bat pentsatzen dutena aurrera eramateko. 2019an 4 udalerri Durangaldean? Ez nuke nahi, eta horregatik adi egon eta mugitu gaitezen berandu izan orduko, edo bestela Iurretarrei galdetu nolakoa den historia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!