Neskak dantzari

Oier Araolazaren elkarrizketari zehaztasun batzuk egin beharra ikusten dut. Neska-mutilek dantzatzen duten arku- eta zinta-dantzak, jatorriz, Durangoko Korpusean zortzi mutilek dantzatzen zuten. Dantza galdua zegoen, eta 1886ko Euskal Jaietarako berreskuratu zuten gaur egun ezagutzen dugun bezala; jantzi berriekin, eta jatorrizko zortzi mutilei zortzi neska gehituz. Ez zuten pentsatu mutilen tokian neskak jartzea, baizik eta neskei ere tokia egitea. Aldaketa hori XIX. mendean egin zuten naturaltasun osoz.


Iurretan neskak sokan dantzatzeko ohitura ez zuen Humboltek aipatu, baizik eta Edward Bell Stephens kazetari ingelesak. Edward 1836an, karlistadan, korrespontsal ibili zen, eta 1837an argitaratutako The Basque Provinces liburuan aipatzen du, Durangon zegoela, Iurretan nesken sokadantza ezagutu zuela. Erreferentzia hori Iñaki Irigoienek aurkitu zuen, eta pentsatu genuen egokia izango zela Iurretan nesken sokadantza berreskuratzea. Liburua Madrilgo Liburutegi Nazionalean aurkitu genuen, eta hara joan nintzen kontsultatzera.

Itzuleran, Iurretako nesken jarrera ez zen izan esperotakoa, baina, Iñaki Irigoieni entzun ondoren, sokadantza dantzatzera animatu ziren. Iketza eta Antton Mari Aldekoa-Otalora, Tiliñoren laguntzarekin, arduratu ziren neskei bai dantza eta bai kantua irakasteaz. 1995eko San Migel arratsaldean plazaratu zuten Iurretako neskek euren sokadantza. Oierrek zera dio: “Onartu beharra izan zuten emakumeek ere dantzatu zitzaketela erregelak”. Behartuta onartu? Alderantziz, kosta egin zitzaigun eurak plazaratzea.

Noiz plazaratuko dituzte Durangoko eta Berrizko neskek euren lehenagoko sokadantzak?


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!