IurreOTA: ez dut ulertzen

2014ko azaroan batzar bi izan ziren Ibarretxe kultur etxean. Elizateko kaskoan kotxeen aparkalekuak berrantolatzeko asmoa zuela eta berrantolaketa zelan egingo zuen azaldu zuen udalak. Udalak biztanleen iritzia ezagutzeko asmoa azaldu zuen, eta hori benetan txalogarria da. Batzarretan sistema berriak ez zuela, ez iurretarrentzat, ez kanpokoentzat, ordaindu beharrik ekarriko azaldu zuten. Kale artean dauden aparkalekuak hobeki erabiltzeko sistema izango zela. Eta guk, inozook, sinetsi. Doakotasunak amaiera data zuela jakin genuen, gero.

Iurretarrok 2015ean kotxea bertakoentzako gunean uzteko 45 euro ordaindu beharko genuela. Aldaketa justifikatzeko “gestio gastuak” argudiatu dituzte. Sistema berriak gastu handiak sortu ei ditu udaletxean. Zer ordaintzen dugu 45 euro horiekin? Auzokideok behar ez ditugun makina biak? Makina biek kanpotik etorritakoei ematen diete zerbitzua. Kanpotik datorrenak doan duela OTA pentsatzen du baina… errealitatea da herritarrok “gonbidaturik” aparkatzen dutela.

Bestalde, Iurretan kokatutako negozioek posible dute bertakoek bezala kotxeak egun osoan aparkatuta izatea. Hauek ere txartela atera behar dute baina… Hauek 45 barik 90 euro ordaindu behar dute. “Gestio gastuetarako”. Kotxe hauen txartela zer dela eta da garestiagoa? Ez ditu udalak kasu bietan gestio gastu berdinak? Susmoa dut Iurretako Udalak herritarrei dirua ateratzeko beste sakamantekas bat aurkitu duela OTAn. Espaziorik ez dudanez, hurrengoan idatziko dut makinen “ordutegi” xelebreari buruz… Bukatzeko etxerako lanak: begiratu akordio hau hartu duten zinegotzietatik zenbat bizi diren Iurretan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!