1965eko San Bixente Egunean, Gerediaga

1965. urtea. Urtarrilak 22 San Bixente eguna. Abadiñoko Astola auzoko patroiaren eguna eta lagun koadrila bat afaltzeko gelditu dira. Jai giroan kamuflaturik, berde kolorekoak ez direla konturatuko dira “Astolako etxe berrian” prestatu duten batzarrarekin.

Guadalupe Lizundia sukaldari eta mahai inguruan Luís Mª Alcibar, Jesús Astigarraga, Conchi Astola, Charines Astola, Julián Berriozabalgoitia, José Luís Lizundia, Mª Arrate Salazar, Leopoldo Zugaza, eta Carmen Miranda bere emaztea. Afariko gaia, Manuel Fragak kaleratu duen elkarteei buruzko legeaz baliatuz, Durangaldeko kultur ekimenak bideratzeko elkarte bat antolatzea. Afari hartan jarri ziren urte bereko ekainaren 7an Abadiñoko Soloa jatetxean sortu zen “Durango Merinaldeko Adiskideen Gerediaga Elkartea” oinarriak. Ekainerako Astolako bederatzi “Peru Abarka” edo “Maisu Jaun” haiei beste hiru “Kixote” gehitu zitzaizkien: Vicente Kapanaga, Salvador Solaegi eta Madrilen bizi zen Jesús María Astola.

50 urte beranduago, atzera begiratzerakoan, ikusten dugu jende askoren lanaren ondorioz emaitza oparoak eman dituela San Bixente egun baten landatutako urtadarrak. Esaldiak dio “San Bixente hotza neguaren bihotza” eta benetan urte haiek hotzak izan ziren baina gure Durangerriak aurrera egin zuen. Ekimen haien emaitza asko gaur egun normal bezala ikusten dugu eta ez gara konturatzen zenbat lan burutu beharra izan zuten. Pentsa bakarrik batzar pribatu bat burutzeko agintarien baimena beharrezkoa zela eta hortik kontuak atera zer egin behar izan zuten kantaldi bat, hitzaldi bat, gau eskola bat edo hainbat eta hainbat ekintza publiko burutzeko.

Askotan arbolak basoa estaltzen du eta Durangoko Azoka ikusten da emaitza nagusia eta askorentzat ia bakarra, eta hori, erru handi bat da. Gerediagaren benetako fruitua Durangaldearen alde bost hamarkadetan egin duen inurri-lana da. Horren ondorioz oraindik dantzatzen dira gure dantzak, zutik aurkitzen ditugu gure kultur ondareen elementuak, ezagunagoa dugu gure historia eta ohiturak, eta abar luze bat. Ez da posible orri batean egindakoa kontatzea eta ezta egin gabe gelditutakoak ere.

Ez da arrosa bidea izan. Familia guztietan bezala senide-arteko borrokak izan ditugu, bestela ez ginen euskaldunak izango. Baina bideak merezi izan du eta oraindik merezi du lanean irauteak. Gerediaga izena ikusten duzunean ez pentsa pertsona bakar baten lanaren aurrean zaudenik, baizik eta lur baten alde lan egin eta egiten jarraitzen duten andre eta gizonek osatutako talde baten emaitza ikusi. Aurrekoak joan dira eta bizitzaren legea den bezala, gu ere joango gara, baina Durangerriak irauten duen bitartean, izen batekin edo beste batekin, merezi du bere alde lanean jarraitzea eta lan horretan denok dituzue Gerediaga Elkarteko ateak zabalik

50 urte pasatu dira eta urteurren hau izan dezala momentu batez atzera begiratzeko, arnasa hartu eta bidean jarraitzeko lanean ze... etorkizuna geurea da!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!