Gaur egun ez dakit zeinetan ospatzen duten egun hori. Adibidez, Amatzan eta Gazteluan, jaia azaroan barik, uztailaren 4an ospatzen dute. Nahiz eta euren santua Tourseko San Martin gotzaina izan, Akitaniako Langresko San Martin oroitzen dute egun horretan. Zer dela eta? Normalean azaroan baino denbora hobea izaten delako uztailean? Baliteke. 25ean izango dugu Santa Katalina. Bera dugu Elorrion Berriozabal eta Iguriako ermitetako etxandrea. Esan didatenez, lehenago erromeria antolatzen zuten, baina gaur egun meza bakarrik. Bukatzeko, azaroaren 30ean San Andres. Jaieguna Zaldibarko elizatean.
San Martin egunez, orain 110 urte, 1904an, hasi ziren euren ikasketak ematen Durangon Maristak. Urtearen hasieran zazpi irakasle izan zituzten. Kurtsoaren bukaeran 100 inguru ziren bildutakoak. Amaitzeko, eskolak direla eta berbetan gabiltzanez, gogoratu 1886ko azaroaren 21ean Iurretako udaletxea plazatik Montoiko tabernara aldatu zutela. Tabernako lehen solairuan kokatuta zegoen eskola, eta herriko tabernan ikusi eta ikasten zutena ez zela egokia eta, eskola plazako etxera eraman zuten. Zinegotziak seguruenik denak ados.