Gertakizun horrek erreakzio interesgarriak sortu izan ditu. Batek baino gehiagok esan dute “benetan hiltzaile bat zen…” eta antzeko esaldiak. Beste batzuek telebistan ikusi dutenean haren “bezeroen” artean jipoiak jasotzen, adibidez, Paco Lobaton telebistako aurkezlea egon zela esan dute. “Kontxo! Denak ez ziren izan gorri zikin batzuk…”, baina… betikoa… urrutiko istorioak hunkigarri ikusten ditugu, eta orduan galdera bat egiteko garaia heltzen da. Eta gure Durangaldean horrelako Billyrik sufritu beharrik ez genuen izan? Ba… bai, eta, gainera, hemen aritu zirenak ere oso basatiak eta kriminalak izan ziren.
2012an hil zen Hidalgo kapitain famatu baten bezeroek kontatzen dutenez, haren ongi etorriak gogoratzekoak ziren. 1972ko otsailean etorri zen gure lurretara, eta bertako jaun eta jabe izan genuen 1976ko abendura bitartean. Gogoratzekoak dira bere agindupean izandako frankismoaren azken salbuespen-egoera, 1976ko Urkiolako Euskal Jaiak, Durangoko San Fausto jaiak eta abar luze bat. “Hil da…” esango du batek baino gehiagok, baina bere lanen berri eman gabe, eta… berarekin “lan” egin zutenak? Horrelako gaiak ez dira ikertu behar? Ez dakit… Oso korapilatsu ikusten dut, baina pentsatzen dut gure herriko historiako kapitulu hau memoriak ez duela galdu behar. Gerra eta gerraosteko istorioak galdu izan ditugu… Garai horretako gertakizunak ere bai?