Ricardo Gutierrez (1883-1963)

Azaroaren 22an beteko dira 50 urte Mexikon hil zela Ricardo Gutierrez, arte munduan Juan de la Encina gaitzizenarekin ezaguna

\"\"Azaroaren 22an beteko dira 50 urte Mexikon hil zela Ricardo Gutierrez, arte munduan Juan de la Encina gaitzizenarekin ezaguna.

 

1883. urtean Bilbon jaio zen Ricardo, Espainiak izan duen arte kritikaririk onenetarikoa. Euskal artean ere aditua zen. 1919an argitaratu zuen La trama del arte vasco liburua, eta oraindik euskal artea ulertzeko oinarrizkotzat jotzen da liburu hau.

 

Zubiaurre margolariei esker, hauen arreba Pilar ezagutu zuen, eta harekin ezkondu zen 1922. urtean. Pilar kultur ekintzailea zen. Madrilen oso famatuak ziren berak antolaturiko “Los sábados de los Zubiaurre” tertuliak.

 

Ricardo Madrilgo Arte Garaikideko Museoko –gaur egungo Reina Sofiaren aitzindariaren– zuzendari izendatu zuten 1931n. Gerra heldu zenean, lan oparoa egin zuen bere museoko altxorrak babesten. 1939an Mexikora erbesteratu zen bere emaztearekin eta seme Leopoldorekin.

 

Mexikoko arkitektura eskolako eta unibertsitate autonomoko irakasle izan zen. Bere amaren heriotza dela eta, Espainiara bidaiatu zuen 1951n Pilarrek, eta Garaira hurbildu. 1955ean, gogo handirik gabe berak utzitako lurra eta gizartea ez zuela aurkituko jakinda, Ricardok Europara bidaiatu zuen. Parisen Negrin, bere lagun handia, azken aldiz bisitatu zuen, eta ondoren, Bilbo eta Garaira joan zen. 1963an eroriko baten ondorioz femurra apurtu zuen, eta ebaketaren zain zelarik hil zen, 80 urterekin, Ricardo Gutierrez jauna.

 

Oraingoz Mexikon dago hobiraturik. Pilarren eta Leopoldo bere semearen ametsa eta nahia, familia oparo horren beste senideena bezala, Ricardoren aztarnak Garaiko hilerrian ehortziak izatea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!