Oroimena

Joan da maiatzaren lehena. Langileriarentzako egun berezia. Egunkarian irakurri dut hil honetan argitaratuko dituztela Durangoko trenaren lantegiak botatzeko baldintzak. Zerrenda zain dago, hau ere pikutara joateko, Durangoko tren geltoki zaharra. Eurekin desagertuko da Bilbotik Donostiarako tren gune nagusia.

\"\"Joan da maiatzaren lehena. Langileriarentzako egun berezia. Egunkarian irakurri dut hil honetan argitaratuko dituztela Durangoko trenaren lantegiak botatzeko baldintzak. Zerrenda zain dago, hau ere pikutara joateko, Durangoko tren geltoki zaharra. Eurekin desagertuko da Bilbotik Donostiarako tren gune nagusia.

 

Mendizabal, Ortiz de Zarate, Mikeldi, Olma eta beste hainbat lantegi izan dira Durangoren motorra. Arkitektura, urbanismoa, sindikalgintza, politikagintza eta gure gizarte soziala definitu eta finkatu dutenak: garenaren ardatz eta gure historiaren ikur nagusiak.

 

Baina… pare bat urte barru, mundu horrek argazki zaharretan eta historia liburuetan bakarrik iraungo du. Penagarria izango da, baina hala dirudi. Europan, ez da gaitza XX. mendeko katedralak, lantegiak, erabilpen berrietara atonduta ikustea. Hemen ez dugu izan horientzako errukirik. Badirudi hiru izango direla amnistiatutako bitxikeriak. Alluitz kaleko lorategian dirauen Mendizabal lantegiaren sarrerako zutabe biak. Landako Erakustazoka alboko plazako Olma burdinolako tximinia, eta Alluitz kaleko trenbide pasagunearen ondoan dagoen trenbideko transformadorea. Hainbat eraikuntza babesten duen Durangoko plangintza urbanistikoan hiru bitxikeria hauek jaso dute XXI. mendea ezagutzeko onespena. Ez zegoen “indultu”rik merezi zuen beste elementurik?

 

Harriak alde batera utzita, gogora dezagun aurten 75 urte betetzen direla UGTko Antonio Ibarra eta Anastasio Arnaiz, ELA-STVko Juan Eskubi eta Faustino Arrieta durangarrak faxismoaren fusil beltzek erail zituztela langileriaren alde borrokatzeagatik. Maiatzaren lehen honetan, eurei gure esker ona eta ohore!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!