Gaur goizean, ez dakit zergatik, lagun batekin gogoratu naiz. Oso pertsona berezia. Orain urte asko hainbat jira- bira eman ondoren munduan zehar herritxiki batean jarri zuen bere ipurdi ibiltaria. Bertan ezagutu zuen buztinlaria izandako adineko gizon bat, eta galzorian zegoen ofizio hura ikasi zuen.
Potinak eta pegarrak egiten hasi zen baina zerbait falta zitzaion eta ofizio haren iragana ikertzen eta batzen hasi zen. Ez zuen nahi mendeetako altxor baten hiletako azken gonbidatua izan. Lanaren ondorioz, gauza bi lortu zituen: ofizioa ikastea eta ofizioari buruz jakitea. Hurrengo urratsa ikasitakoa plazaratzea izan zen eta horretarako buztinarentzat “babes-etxe” bat eraiki zuen.
Erotzat jo zuten. Oztopo eta eraso asko jarri zizkioten baina ametsa, bere familia eta lagun gutxi batzuen laguntzarekin, pixkanaka sendotuz joan zen. Denboraldi honetan buztingintza berpiztu zen eta askoren ogibidea egin. Hauek, urteak igaro ondoren, konturatu ziren herri txiki hartan zegoen gunea ez zela eurek zuten bezala tailer soila. Erokeria, eurak konturatu gabe, euren munduko erreferentziazko elementu bihurtuta zegoela.
Asanblada demokratikoa egin ondoren joan ziren eta nire lagunari esan zioten “zure proiektua gure mundurako oinarrizkoa da eta ondoren guk ere zure etxearen etorkizuna nolakoa izan behar duen zer esana badugu” nire lagunak erantzun zuen “non egon zineten ekaitz egunetan? etorkizun gabeko proiektua zela eta beste egitasmo batzuei eman behar zitzaiela lehentasuna aldarrikatzen zenean? Nahiz eta akaso ekaitz batek bota, hau ez da proiektu bat, baizik sustraiak zendu dituen arbola. Jaio zen arboladia osatzeko ez arbola bakartia izateko, baina argi du non sortu zen bere kimua. Nahi baduzue arbola sendotzen lagundu, ongietorriak. Ez hurbildu nola inausi behar dugun agintzera. Urteak daramatzagu mundu honetan eta ikasia dugu ardiak eta otsoak bereizten. Azken hauek ardiak hasita daudenean hurbiltzen dira artaldera”.
Lagunak kontatu zidan batzuk gelditu zirela eta arbolak eta potin zaharrek eskertu zituztela euren ekarpenak. Familia osoaren lanarekin oraindik jarraitzen du babes- etxeak denentzat ateak zabalik mantentzen.