Orain dela egun batzuk nire zaletasunetariko bat burutzen, hau da egunkari zaharrak begiratuz, Durangori buruzko pare bat “altxor” aurkitu nituen horiztutako orrietan. Bata ez zitzaidan hain arraroa egin, ohituta gaudelako horrelakoak ikusten historian zehar; berezitasun bakarra zen Durangori buruzkoa zela, eta ezagutzen dugun txoko bati buruzkoa, hain zuzen ere.
1937ko azaroaren 28an Madrilgo “Domingo” astekarian Luis Antonio de la Vegak, falangista bilbotarrak, eskatzen zuen Kanpatorreosteta eta Andra Mariko elizpe txikira dagoen pasabidean dauden azulejoak, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren euskarazko idatzia zutenak, apurtzeko. Argi esaten zuen Durango berreraiki behar zela baina herriko hormak eta durangarren kontzientziak “garbitu behar zirela”. Horrelako idatziak 4 abokatu eta 4 apaizen asmakizunak zirela eta argi utzi behar zela gerra irabazleen munduan gaztelaniak bakarrik zuen tokia eta kitto! Gaur egun ikusi ahal dugu edo Durangon ez zutela “Domingo” irakurtzen, edo premia handiagoko lana zeukatela, ze oraindik azulejoek.
Beste berri bat ABC egunkariak 1967ko maiatzaren 27an eman zuen: Durangoko enterradoreak udalari 2.000 opor eguneko soldata ordaintzea eskatu zionekoa. Udal langileak zioen1928tik zela hobiratzailea, eta egun bat ere ez zuela jai izan, eta 39 urteetan galdutako oporraldien soldata jasotzeko eskubidea zuela... Udalak erantzun zuen lan askorik ez zuela, eta asteko 3 edo 4 egun jai izaten zuela. Gaia udaleko lege teknikarien esku gelditu zen, eta ez dakit nola bukatu zen. Dakidana da, urte hartako ekainaren 18an Madrilgo Teatro Laran ospatu zutela “alforjas para la poesia” izeneko umorezko olerki emanaldia. Parte hartu zuten hainbat satira-olerkari eta beste batzuren artean “potrojotzaile” famatu bat zegoen, Juan Perez Creus. Honek beste “loretxu” batzuen artean “El sepulturero de Durango” izenburuko satira irakurri zuen. Zoritxarrez ez dut idatzia lortu, nahiz eta pentsatzekoa izan “plater” horrek ez zuela faltan izango gatza eta piperra.
Gainera, enterradorea ez zebilen erratuta. Ez da ordaintzen plus bat eguneko 24 orduetan norberaren lanaren erantzunei adi egotearren?