Nafarroaren okupazioaren 500. urteurrena betetzen dela-eta hainbat eta hainbat berri irakurri izan dugu azken boladan komunikabideetan. Igarotako Nafarroa amesten batzuetan, gaur eguneko ikuspegi politikotik beste batzuetan… Eta gehienetan garai hartako errealitatetik kanpo idatzitakoak, bakoitzak txingarra bere urdaiazpikora eramanez.
Garai hartan, jaunaren menpean eta eskubide gabe bizi ziren herritar soilei berdin zitzaien nor eta nongoa zen erregea, zerga gutxi eskatzen zuena eta gerra askotan sartzen ez zena bakarrik nahi zuten. Erresuma euskalduna zela irakurri izan dut. Lingua navarrorum-a herriak erabiltzen zuen, zeren eta erregeak eta bere gorteko jauntxoak baliteke euskaraz jakitea baina erromantzea zen euren hizkuntza. Euren garaian, 1545ean, argitaratu zuen Bernat Etxeparek euskaraz idatzitako lehen liburua baina nola zen bizitza Bernat... Gaztelarren sokakoa izan genuen.
Nafarroako erregeak bai baina… Nafarra? XVI. mendean, denbora gehiago egiten zuten Frantzian eta abar Nafarroan baino. Dena dela gaira bueltatuz, ez dezagun pentsa 1512ko gerra gaztelauen gauza bat izan zenik, gure aurrerakoak ere nahaste-borraste horretan sartuak ibili baitziren.
Dokumentuetan ikusten dugu Durangaldeak Bizkaiko jaunaren (Gaztelako erregea) eskariari betez 100 soldadu baleztariak bidali zituela Nafarroa menperatzeko prestatutako armadara. 1512ko urriaren 25ean, igarotako eguenean, 500 urte bete ziren: Martin Sanchez de Barraski Durangoko alkatea eta Martin de Arteaga Durango Merinaldeko tenientea buru zirelarik bildu ziren erabakitzeko nola ordaindu soldadu ohiekin zor zeukaten 1260 marabediak.
Dirudienez ongi ordainduta joan ziren ze 1513an erabakitzen dute Durangaldeko alkateak gerrara joandako peoiei ez eskatzea itzultzea aurretik jasotako soldaten soberakinak. 1513ko urte horretan, urriaren 27an, Juana lehenak, Bizkaiko Andereak, agintzen du aipatutako Martin de Arteaga 30 eguneko epean Madrilgo Gorteko kartzelara eramatea gerra ondoren ‘harrapatutako’ gauza batzuk direla-eta izandako delitu batzuengatik. Argi ikusten da gure inguruan ere gerra hark bere eragina eta partaidetza izan zuela, eta ez bakarrik Loiolako Ignazioren istorioak eta kanpotar batzuen eraso basatia. Dirudienez oinaz eta ganboatarren herri honetan ez dago ia ezer berririk eguzki azpian.