1982... atzo goizean

Atzo goizean izan zelako inpresioa daukat, baina denbora aurrera dijoa gelditu gabe. 30 urte bete dira abuztuaren 20an Madrileko ‘ostatua’ utzi eta etxerako bidea hartu nuela 18 hilabetez, gogoaren aurka, erregearen morroi izan ondoren

\"\"Atzo goizean izan zelako inpresioa daukat, baina denbora aurrera dijoa gelditu gabe. 30 urte bete dira abuztuaren 20an Madrileko ‘ostatua’ utzi eta etxerako bidea hartu nuela 18 hilabetez, gogoaren aurka, erregearen morroi izan ondoren.

 

Ilusio handiarekin, egun batzuk lehenago Iurretan Amatzako baselizaren ondoan bilbotar baten zuzendaritzapean, Iñaki Garcia Camino, indusketa arkeologikoak hasiak zeuden eta jakinahi handia Joserengan, Amatzako etxaguna, landak ze sekretu gordea zeukaten XII. mendetik. Lehen saiakera hark emaitza pobreak eskaini zituen baina egun batzuk geroago Garaira, Momotioko San Juanera joan ginen gure aitzur  eta abarrak harturik. Han ere uzterakotan zeudela, hilerria aurkitu zuten eta urteetako lanaren ondorioz emaitza benetan oparoak eskaini zituen  gure Erdi Aroa ezagutzeko. Gazteak ginen, ilusioz beteta, Iurretako abadetxean urte batzuetan eta beste batzuetan Garaiko lehenagoko eskolako lur gainean egiten genuen lo,  baina gustura denean ez dago ohe gogorrik.

 

30 urte bete dira… Eta urte horietan gure Durangaldeko beste hainbat eta hainbat tokitan zulatu da lurra gure iragana zerbait gehiago ezagutzeko asmoarekin. 1982. urtean Iñakiren eskutik hasitako bideak Belen Bengoetxea, Dona Gil, Armando Llamosas, Iñaki Pereda, Silvia Cajigas eta beste batzuen lanetan izan du jarraipena eta hor daude emaitzak…  Gaur egun gure historiaren garai beltzenetariko bati buruz hainbat ezagupen dugula baina… Oraindik ez da lana bukatu. Ezagutzen dutena, duguna, argi dute oso gutxi dela eta lanean jarraitu behar dela. Datorren astelehenean, lehen indusketatik 30 urtera, Argiñetan hasiko dira, Iñaki Garcia Caminoren zuzendaritzapean, indusketa arkeologiko berriak. Gune honek lur azpian duen historiaren liburuen orriak irakurtzen hasiko dira eta benetan espero dut bertan Jaungoikoaren izenean lokartu ziren Paterna eta Momus gehiago ezagutzeko aukera izango dugula.

 

30 urtean zehar zuzendari eta morroi izan zareten guztioi zorionak eta mila esker!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!