Joan zen larunbatean inauguratu zuten Gerediaga auzoan A8 autopistan burutu dituzten obrak. Dirudienez, lan honen bidez Iurretatik N-634 errepidean auto eta kamoi gutxiago ibiliko dira. Ongi etorriak honelako berriak. Gaiari buruz berbetan, gogoratzen hasi ginen.
1996-98 urteetan, Foru Aldundia Iurretan N-634 bidea hobetzen hasi zenean, hainbat biztanle lan haien aurka azaldu ginen bide nagusi horrek herria zati bitan banatzen jarraitu zuelako. Beharrezko ikusten genuen herritik ahal den gehiena urruntzea eta ondorioz eskatu genuen bidea autobide ingurura eramatea. Ez genuen ulertzen herri batzuetan bideak etxeetatik urruntzen ibiltzea eta Iurretan ez. Eskatu genuen ingurune-kaltearen ikerketa, baina ‘kasualitatea’: 2 km baino gutxiagoko lana izanik ez zuen behar.
Alternatiba bat aurkeztu genuen; autopistan hirugarren erreia egitea, autobideko goiko ordain-kabinak Mallabiarantz eramatea eta Iurreta behealdean daudenak Gerediagan jartzea. Horrela posible izango zelako Iurretatik Gerediagara dohainik izatea autobidea, eta Bidebarrietako errepidea kale bihurtzea. Erotuta geunden, ez zen posible. Udalaren hirigintza arloko teknikari nagusiak esan zigun ez zegoela toki fisikorik autopista zabaltzeko, ez zela posible, nahiz eta txikia izan tartea, dohainik izatea autobideko zati hori… Eta berba ‘politekin’ esan zigun nola hitz egiten genuen ‘teknikari diplomatuak’ izan gabe eta isilik egoteko. EAJren zinegotzi batek esan zigun benetako arazoa zela erakundeek ez zutela gogo politikorik planak aldatzeko.
Eta… Joan zen larunbatean jakin dugu, hirugarren erreia eginda dagoela, Iurretatik Gerediagara dohainik dela… Kontxo! Iurretako udal teknikariak jakin gabe herriko lurrak zabaldu egin ote dituzte?
Interbiak-ek bere webgunean dio: “AP-8 autobidea N-634 errepidearen doako alternatiba bihurtuko da Iurretan”. Baina… Hori horrela izateko kamioiak etabar autobidera “bideratu” beharko dira.
Noizko? Hamasei urte barru?