Gero arte!

Bukatu da, bukatu da, bukatu da… oraingoz. Izan ere, ez dira betiko garai lasaienak. Zenbat betebehar? Lau, bat, hiru, bost, zazpi… eta egunak 24 ordu! Boulevardeko erlojuak ez dakit atsedenik hartzen duen, nireak ez. Zoratzen ari naizela, hasi naizela dio nire ondokoak, eta arrazoi du. Beraz, gero arte esatera nator gaurkoan.

Baina despedida gozoa da gaurkoa, zazpi urtez gustura jardun izan duenaren ezti-zaporea dario agur honi. Izan ere, askatasunez eta askatasunetik idazteak ez dauka preziorik (ala bai? galde iezaiezue Alfredori eta Iñaki Sotori; hitzak aske!).

Durangoko Txosnagunean hasi zen guztia, 2010  (urrun) hartan, eta urte batzuk joan dira harrezkero; beharbada, garai hartakoa eta egungoa bi ni gara, gorputz bereko arima bi: inozentzia gutxiago, malezia gehiago… Beharbada. Baina zin dagit txoko honetan idatziriko guztia zintzotasunez eta konbentzimenduz (osoz?) idatzi izan dudala, irakurleari ez niolako gutxiago zor (eta neuri ere ez).

Agurrak beti ohi dauka zapore garratza, baina hau ez da agur bat, eta gero arte esanez sakatuko dut amaierako puntua.

Baina bitartean… jakina ez dugula izaterik aske haiek gabe, jakina azala, hezurrak, haragi puska baino gehiago dela, eta Euskal Herrian euskaraz hitz egiterik ez bada, garbitu ditzagun zorriak ur-pistola batez!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!