“Orma zahar arraituetan / xoriak dira kantatzen / mendetako lo geldia salatzen”. Euskarari puzka datorren nafar hegoaldeko uzta lekuko. Elkarlanak arrakalak josi ditzan herririk herri, auzorik auzo, etxerik etxe. Txoriek txio-txioka kantari jarrai dezaten mahastietan, galsoroetan, orburu-sailetan. Mendetako isiltasunak oihartzuna izan dezan goiko herrietatik behekoetaraino. Bizkaiko itsasotik Ebro ibairaino.
“Nafarroa anaia zaharra / kondairaren lehen sustarra / bego higan arbasoen hizkuntza hura”. Eremu ez-ofiziala egunez egun, otzaraz otzara eta hiztunez hiztun ofizial eginez. Gure otorduak zainzuriz, arrozez, mahats-zukuz eta oliba-olioz koloreztatuz. Zuriaren eta beltzaren arteko mestizajez, ortzadarra ikus dezaten Tuteran, Arguedasen, Andosillan, Lodosan zein Sartagudan.
Zure hotsaren zabalera ortzi-muga den hartara ez dadin mugatu. Gora Erribera! Gora Errigora! Gora Herria!