Sekula ezin izan ditut ulertu ETBren zenbait irizpide. Esaterako, zer dela eta agertu behar den Gaur Egun albistegian Espainian barrena galduriko A-23 autobidean gertaturiko ez dakit zelako istripu ikusgarria eta ez Mozambikekoa. Adibidez, zer dela eta agertu behar den Gaur Egun albistegian Murtzian gertaturiko sute baten inguruko albistea eta ez Sizilian gertaturiko bati buruzkoa. Kasurako, zergatik agertu behar den Madrilen galduriko urliaren gaineko informazioa eta ez Dublinen desagertutako sandiarena.
Jakina, ondorioz, demagun Muskildiko herriko etxean gerta zitekeen lapurretaren berri, ematekotan ere, inork ikusiko ez duen Iparraldearen Orena albistegian emango du ETB 1ek.
Azal diezadala norbaitek zer egiten duen 10 urte eskaseko ume batek adierazpenak gaztelania txukunean egiten, ikasturte hasieraren inguruko albiste baten harira, non eta ETB 1en. Ez naiz ulertzeko gai.
Baina EITBri kritika merketan aritzea inork leporatu ez diezadan, esperantzarako tartetxo bat ere utzi nahi dut, hain zuzen ere, Euskadi Irratiak, orain arte behintzat, azken urteetan goizero eskaini izan digun itxaropen izpia. Euskararen herri osotik heltzen zaizkigulako eguraldiari buruzko anotazioak, herritar euskaldunek bezain euskal herritarrek emanak, kate guztietatik libre. Bustitzen gaituen euriak eta berotzen gaituen eguzkiak, behintzat, herri egin gaitzatela luzaroan.