Eman nahi dizut

Ez dugu elkar ezagutzen. Ez dakit zer pentsatuko zenukeen nitaz bestelako egoera batean ezagutzeko aukerarik izango bagenu, hogeita hamar urte barru-edo, demagun autobusaren zain markesina baten babesean edo ezein barra izkinatako eztabaida politiko sutsu-antzu batean.

Baina, tira, gure bizitzak berandu orduko gurutzatuko dira, eta, bestelako situazioren batean, beharbada, errail bi baino elkargaitzagoak izango bagina ere, gaur-gaurkoz bizitza emango nuke zure alde, birritan pentsatu gabe.  

Baina horren elementu iraungikorra da bizitza, non, pentsatzen hasi, eta lotsa ere ematen baitit hain estimatuko zaitudan horri kutxa metafisiko baten barneko airearen balio bera izan dezakeen elementu galkorra eskaintzeak.

Eta, elkar ezagutzen ez badugu ere, oinpean mundu hobe bat izan dezazun desio dut: maitasunerako espazio publiko gehiago, injustiziari lekurik eskaini behar ez dioten egunkarietako azalak, belazeetan oinutsik saltoka ibiltzeari eskainitako jai-egunak, ume izan barik sehaska kantak entzuteko plazerra…

Esango didazu nahiago dituzula telefono mugikorra edo plasmadun telebista. Ni, aldiz, amets egiteko eskubidea izan dezazun saiatuko naiz; beharra sentitzen duzun bakoitzean, negar anpuluz blai egin zaitezen lortu nahi izango dut; besarkada batek mila hitzek baino gehiagok balio duela jabetu zaitezen ahalegindu.

Zaharregia, txikiegia izan arren, munduari begiratzeko modu bat utzi nahi nizuke oinordetzan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!