Hosto kulunkari bat haizearen konpasean dantzan ikustea ere atsegin dut, lo eternala sorlekutik hiru metrora hartu orduko. Bai baitakit milaka anaia-arreba izango dituela inguruan, eta zoragarria da udazkena margotzen duen paletan nahasten den kolore anabasa. Atsegin dut itsaso horretan plisti-plasta ibiltzea.
Benetan dut gogoko gauaren erdian esnatzea, ordulariari begiratzea eta oraindik 02:00ak direla ikustea. Gau osoa dut aurretik oraindik, makarrak kendu baino lehen.
Laket zait zure ondoan orduak igarotzea, elkarri hitzik esan beharrik gabe, elkarri begietara begiratzeko beharrik eduki gabe, burusia lagun, egunak astiro-astiro iluntzen duen bitartean.
Poztasuna kilotan saldu nahi digute, edo megabytetan, handitasunean zein abiaduran. Hirugarren solairuan ezkerreko pasabidetik jo eta azken aurreko apalen behealdean. Kreditu-txartelarekin ala eskudirutan? Ba al duzu bazkide txartela? Baina niri neuri emazkidazu instanteak, minutuak eta orduak; neure kasa moldatuko naiz zoriontsu izateko; nire inguruan dut behar dudan ia guztia. Eta hala ez denean, merkealdirik onenean ere ez dut behar dudan ganga aurkituko. Lasai, neure kasa moldatuko naiz zoriontsu izateko.