Garbitu, esekitokitik zintzilik jarri, eta, uneren batean, banatze prozesu tragiko bat gertatzen da. Ziur naiz bat baino gehiago direla pintzek eragindako errepresio bortitzetik askatu, eta balkoitik behera euren buruaz beste egiten dutenak. Baina, beno, desagerpenak azalduko lituzkeen beste hipotesi bat ere bada. Imajinatzen duzu zuk eta zure bikotekideak bizitza osoa elkarrekin pasatu beharra? Bada, galtzerdien kasua muturrekoagoa da; bata dagoen lekuan dago bestea, norbere identitatea guztiz galduta. Joder, zuk zeuk ere ez dakizu eta zein den eskuina eta zein ezkerra! Eta galtzerdi banandu, bakartu eta deslai horiek lehortzen direnean? Izan ere, bizirik dirauen galtzerdiari zorigaiztoko berria emateko unea atzeratzen saiatzen naiz, eguzkitan egunak igaro dituen egunkaria baino ihartuago dagoela jakin arren, ez bainaiz galtzerdia batzera ausartzen. Momentua heltzean, baina, eskuetan hartzen dut sentiberatasunez… eta gero? Zer egin ezertarako balio ez duen (ez duelako ezertarako ere balio!) galtzerdi bakarrarekin? Guk, bitartean, gure bizitza tristeez penatzen segiko dugu.