Bizitza bera ere Word-eko paper zuri bat da, ertzak ondo finkaturik dituena. Mugak, marjinak… Egun serioetan Times New Roman, momentu infantilagoetan Comic Sans, mundua jango dugula uste dugunean 16, munduak jango gaituela dirudienean 7…
Bizitzan ere, idazterakoan bezala, batzuetan, aldez aurretik norabidea zehaztuta ematen ditugu pausoak; besteetan, berriz, inprobisazioarekin dantzan, etorkizun gertuenekoan ere non eta zertan izango garen ezin jakinik ekiten diogu egunerokoaren makinaria martxan jartzen duten teklak sakatzeari, z-a-l-o-d-p…
Baina badago alde txiki bezain garrantzitsua paper zuri batean idaztearen eta bizitzaren hurrengo orrialdeak idaztearen artean. Fikzioan beti erabili ahal izango dugu borragoma. Bizitza, berriz, biografia eta arrasto ezabaezinez beterik dago.