Eta historiak lapurtutako duintasuna. Esklabo izatearen harrotasuna. Ups! Langile esan nahi nuen, barkatu. Txitxia ahora eman zaie, haur inuzenteari nola. Baina zarratu dituzte lantegiak, kaleratu beharginak, trufatu zaizkigu… To! No! Odolkiak ordainetan!
Xabierrek aspaldi abestu zuen herri honen ahotik: Langile baten semea naiz ni, / aita bezela langile, / eguneroko ahaleginetan / soldata baten egile; / esku hutsik jaio eta / esku hutsikan nabile / puntakoetan inor etzaigu / gertatu ongile.
Anjek, ostera, 1977an erretratatu zigun 2016. urte hau kantu baten bidez: Hamar etxe / hiru kotxe / zazpi, sei / ehun zaldi / eta Suitzako bankuetan, abilki gorderik, / dolarrak, dolarrak, dolarrak metaka... / Hori baizik ez da, hori bakarrik / gure nagusiaren, nagusi gaixoaren / miseria...
Nahiko nuke lore bat, buru hostotsu koloredunez jantzia. Kirten zuzen eta arantzatsuekin. Sasi guztien artetik oihu lazgarririk egin beharrik ez duena, aldamiotik behera petalo bat erortzen zaion bakoitzean. Eta ez dezala odolaren usainik izan, 20:00etako biolentziaren erresumenean. Eta ez gara gerrarako prestatuko, baina bakeak ez du billete erregarrien izenik izango.
“Gure industriaren defentsan”, apirilaren 23an, mailu hotsez bete dadila Bilbo.
Danba.