Ispiluaren aurrean ikusten zaitut, lurrundutako bainugela batean. Eskuei eragin diezu beira lauaren gainean, eta hoztasunak tente jarri dizkizu besoko ile nerabeegiak. Eztarriko korapiloak askatzen asmatuko bazenu, barruko loturen mesedetan… Izu-laborriak hartu zaitu aspaldian, burua burkoaren azpian ezkutatu, eta beti gaur izan dadila amesteko desioz umel.
Zure begiek ez diote gezurrik. Ahoak ere ez; ez duzu balio. Baina hotsik desafinatuenek ere ez dituzte zure kordak astintzen. Zure ermamiek dantza melodiko bati ekin diote, ispiluan hanpatutako lurrinaren gainean soineko distiratsuz jantzitako izotz-patinatzaileak bailiran, jira eta bira eta salto eta jauzi, baina ihesaldirik gabeko itxitura batean gatibu. Halaxe zaude zu.
Beldurrari so, parez pare. Iraganak taupadak zenbatuta balitu bezala, eta etorkizunari arnasa falta zaiola jakinik. Urteen joanean jabetu zara aurreiritziek ezer gutxi balio dutela, eta damuak berandu iristen direla beti. Nahigabeak eta bizipozak labirinto berean egin dezakete topo. Baina, lasai, ohartuko zara bizitza ez dela mataza bat baino, bere bi erpinekin, hasi eta buka. Eta ederrena ez dela abiapuntutik helmugara salbu iristea, bidean behin eta berriz galtzea baino, hari milimetro bakoitzarekin sokasaltoan ibiltzeko.