Anboto

Beharbada azken zutabean idatzi beharrekoa da gaurko prestatu dudan hau, baina orduko hartan gaurkotasunak Durangaldetik harago eraman ninduen. Oraingoan, ostera, etxean geratuko naiz.


Etxean. Urte bi bertan lanean ibili eta gero, udako oporren ondoren ez naiz Anbotora itzuli, eta, behartuta ez nagoen arren, badut beharra, segur aski, gutxiegitan jasotzen diren esker on hitzak helarazteko. Durangaldeak behar du Anboto; euskarak behar du Anboto. Izan ere, euskaldun izateko leiho bat dugu gure astekaria, errepideetako autoen ke itxitik ihes egin, eta arnasa sakon hartzeko aukera.

Eta euskaraz bizi nahi dugunon lurralde txikiegi honetan normalizazio kutsu bat landatzen norbanakoz osaturiko lantalde bat dagoela ezin ahaztu. Hilerik hile proiektu duin bezain nahitaezko hau aurrera eramaten duen lantalde nekagaitza. Izen-abizena duten kazetari, zuzentzaile, administratzaile, maketatzaile eta publizistak. Euskaraz bizi nahi horretan gabiltzanoi aurrerako bidean astero-astero beste pauso bat ematen laguntzen diguten beharginak.

600. alea erditu berri, beste horrenbeste astean segi dezala Durangaldeko politikarien, kirolarien, sortzaileen eta herritarren berri ematen 24 orrialdetan barrena. Euskaraz.

Marik urte luzetan jarrai dezala ostiralero-ostiralero sagardo upeletatik txakolina ateratzen. Biba zuek!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!