Ikuspuntuak

Badaki nondik datorren. Badaki non ez duen egon nahi. Zalantzak ez du tokirik. Olatu bat, bi, hiru… Ez daki nondik abiatu den. Zalantzak ez du tokirik. Beldurrak bai. Bere begi txikietako iris marroiak itsasoak irentsi ditu. Begi-nini bakartu bat baino ez da labirinto gazi baten erdian.

Itsasontzia du gotorleku ordu iragankor bezain bizitza eterno batean. Ihesi doa. Odola, gorrotoa, mina, samina. Bila doa. Zeren bila? Ez du zalantzarik. Hala ere, ez daki zer aurkituko duen. Zalantza berriz ere. Beldurra? 7 urteko haur batek ez luke jakin behar zer esan nahi duten odola, gorrotoa, mina, samina hitzek. Baina berak badaki. Itsasontziaren gorabeherak ez dira zaldiko-maldiko batean sentitzen direnak. Baina berari berdin-berdin eragiten dio sabeleko sentsazio gustagarri hori. Gogor heltzen dio eskutik bere nebari. Eskua eskuaren kontra. Ba al dago negarra baino gauza ederragorik? Beldurra. Umezaroa abisatu gabe ebatsi diotenaren ikara. Eguzkiak berotu egiten du. Baina eskuetan ez du urtuko zaion marrubizko izozkirik. Lasai dago horregatik. Beldurrik ez. Kostaldera heltzen bada, orduan hasiko zaio etorkizuna. Bitartean, orainak ez du deus balio. Ez, ez da Bodrum penintsulatik irten, Turkiaren hego-mendebaldean, Kos uhartera heldu nahian. Ez, zure amona, ama edo izeba izan zitekeena Santurtzitik abiatu da, Habana itsasontzian, Southamptonera bidean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!