Beldurra

Laztana, zatoz nire ondora. Eta utzidazu begietara begiratzen. Masaila laztantzen. Zure ilearen usaina birikietaraino barneratzen. Eta gero zoaz. Zoaz, eta gozatu. Dantzatu. Jolastu. Oihu egin. Ez dizut ezer debekatuko. Baina zoriontsu izango zarela hitz eman behar didazu.


Zuk zure bizitza egingo duzu. Horrela behar du. Hautuak egingo dituzu. Honen alde eta haren kontra egongo zara. Eroriko zara, eta baita zutundu ere. Dena ikasten da bizitza honetan. Desberdinduko dituzu baietza eta ezetza, eta, akaso, tarteko punturen batean amesteari ere ekingo diozu.

Ez diot inori utziko ezertara behartu zaitzan. Aske izango zara. Eta zure burua arriskuan ikusten duzunean, itxi-itxi egin bi ilargi polit horiek, eta zure aldamenean agertuko naiz, etorkizunari batera aurre egiteko. Diodan bezain erraza izango da guztia. Zaude ziur. Momentu honetan zure esku txikitxoei begiratu, eta atzamarrak banan-banan zenbatzea bezain erraza.

Nire altzoan zaudela, utzidazu zure irribarre inozentea betiko gordetzen, sepia koloreko argazki bat bailitzan. Eta egunkari paperez itsasontzi bat egingo dugu elkarrekin, zure irribarre horrek, bainuontzitik harago, itsasorik itsaso eta porturik portu bidaiatu dezan, hizkuntza ezagun zein ezezagunez mintzo diren biztanleak bisitatuz. Olaturik gabe, harresirik barik. Diodan bezain erraza da, txiki.

Baina esadazu, otoi, ikastolak hunkitzen dituzten aldi oro, zu ere hunkituko zarela. Eta ez duzula negar egiteko beldurrik izango. Izan nahi duzuna izateko eskubidea ostuko dizutelako, baina negar egiteko eskubidea nehork ez dizulako ebatsiko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!