Muturreko miniaturara eramandako Kazimirren puntu beltza tipexarekin estaltzeko gai izan gura dut. Jorgeren hustasuna kontzeptu artistiko ez ezik, eta bizi-esanahi hutsa baino zerbait gehiago bada ere, betetzen saiatu.
Nobela bateko pertsonaia izan nahi dut, orrialde zuri eta lisoetatik zertan irten izan gabe. Lerrorik lerro ihesean aritzeko pribilegioarekin. Fikzioan hasi, eta fikzioan amaitu. Irakurraldi bakoitzean biziberritu: ordura arteko guztiak ezer ez du balio izango.
Atzera begiratzeko beldurrik izan ez, eta aurrera ilusioz ekiteko gogoa izan. Ohetik altxatzen naizen bakoitzean, guztia gaur hasiko dela sinesteko balentria pilatu. Egunero bizitza berri baten jaiotza izan dadin saiatu.
Ez soilik isiltasuna hizketan noiz hasiko den zain egon. Aitzitik, isiltasuna xaxatu, hizketan hasi dadin. Ideiak ideien kontra. Sentimenduak sentimenduen aurka.
Ahultasuna deklaratu. Errudun naizela aitortu. Baina ziega ni neu izateko beharrik gabe; eramangarriagoa baita zigorra beste inork deliberatzean. Autolesio gehigorik ez.
Eta bitartean… bitartean zuei eskerrak eman. Nire bertsorik onenak ere (txalo egin ondoren) txarrak direla esaten didazuelako. Zuen alde topa!