Euskal kontainer bati

Gure herrian hamaika zeresan eman duzu, urteak joan eta urteak etorri. Era guztietako albisteen foku izan zara. Erabilera hau eta hura eman dizute. Denek izan dute zure beharra. Hor zaude, edozein izkinatan. Denon bistan, baina diskrezioz betiere.

 

Aspaldion Kanpazarretik haragoko lurretatik eman duzu zeresanik. Batzuek maite zaituzte; beste batzuek ez nuke esango gorroto zaituztenik, baina zure lehengusu txikiagoak dituzte maiteago. Durangaldean ere kutsatzen hasiak omen gara bosgarrenitis horrekin. Oraindik, behintzat, epidemia arriskurik ez.

Azken asteotan, aldiz, beste afera bat tarteko izan duzu oihartzuna. Libre aritu omen zara hegaz hiriburuko zeruetan, alde batetik bestera; bero-berotan. Kale izkinako abandonutik eta anonimatutik atera zaituzte, eta kolapsaturik egon ohi diren errepideen erdian ez ezik, lur zati komodin honen aurrerabidea kolapsaturik ikusi nahiko luketen beste hainbat hedabidek famili argazkiko lehen planoan kokatu zaituzte.  

Baina atzo, nire herrian, gizon bat jaten ikusi zintudan –baina izan zitekeen emakume, gazte zein haur–; zure ahotzarra zabaldu, eta barrura. Eta ez, ez da aurreneko aldia. Eta ez dut gustuko jarrera intolerante hori. Batere. Badakit zure osasuna edozeren gainetik jartzen duten horiek, eta horrenbeste maite zaituztenek, ez dizutela errietarik egingo. Zuk, antza, ez duzu zure gosearen errurik. Baina beste hainbat gizon-emakumek euren gosearena ere ez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!