ANBOTOko emakumeok martxoaren 8ko grebagaz bat egin dugu

Erabiltzailearen aurpegia

Beste gizarte mugimendu batzuek ez bezala, feminismoaren loraldiak esparru anitzetako pertsonak ilusionatzea eta aktibatzea lortu du helburu komun bat lortzeko: berdintasuna

Joan zen astean ANBOTOn egindako elkarrizketan, egoitza bateko Pilar Mazaga zaintzaileak zioen patronaleko kide batek hauxe esan ziola lan baldintzak duintzeko mahaian: “Zergatik kexatzen zarete egiten duzuen bakarra ipurdiak garbitzea bada!”. Hara hor, patriarkatuaren erraietatik irtendako mezu zuzena. Gehienak emakumeak diren sektorean lana gutxieztea eguneroko ogia da. Momentu horretan konturatu ziren egoitzetako zaintzaileen borroka eta borroka feminista bat zirela. Lan baldintzez harago, euren lanaren errekonozimendu falta dago arazoaren muinean, hau da, patriarkatua eta matxismoa. Ahalduntzeak ekarri die garaipena. Bejondeizuela!  

Ahalduntze hori beste gizarte mugimendu batzuetan ere sumatzen da: pentsiodunen aldarrikapenetan, esate baterako. Testuinguru honetan dator hainbatek laugarren olatu feminista deitu dioten hori. Feminismoaren susperraldia, alegia. Beste gizarte mugimendu batzuek ez bezala, feminismoaren loraldiak esparru anitzetako pertsonak ilusionatzea eta aktibatzea lortu du helburu komun bat lortzeko: berdintasuna. Iazko lanuztea eta aurtengo greba feminismoagaz izan duten lehenengo kontaktua izango da gazte askorentzat.  

ANBOTOko emakumeok ere grebagaz bat egin dugu, eta, horregatik, zapatuan kaleratuko dugu alea, lehenengoz gure historian. Feminismoan oinarritutako lanean jarraituko dugu, betaurreko moreak jantzita. Bakoitzak bere esparruan pausoak emanez, olatua tsunami bihurtu dezagun, ipurdiak garbitzen sekula eskurik zikindu ez duena blaitu arte.

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.