Gailu bi horiek ezinbestean sartu dira gure bizitzetan, eta zuzenean eragin dute informazioa kontsumitzeko ohituretan. Hedabideok ere sasoi berri horietara egokitu guran sortu dugu ttap. Aktualitateko elkarrizketa eta iritziez gain, moda, teknologia, bidaiak, zinea zein literatura arloko gaiak lantzen dira bertan. Bideoak, audioak, testuak, argazkiak… Irudiak protagonismo handia du hedabide berri honetan. Eta hori guztia euskaraz jasotzeko aukera duzu aplikazioa deskargatuta. Momentuz, Bizkairako eta Gipuzkoarako edizio bana kaleratuko dugu uztailaren 27an. Eta, estreinaldirako, Alex Sarduy musikariaren eta Nerea Garmendia aktorearen elkarrizketek gorpuztu dituzte ale digital biak. Hau aurrerapen bat baino ez da. Irailaren 21etik aurrera, barikuro ale berriak kaleratuko ditugu. Estreinaldiaren ostean, sartu ttap.eus atarian eta deskargatu bertatik. Gustatzen bazaizu, pasatu zure lagunei, komentatu sare sozialetan, kuadrillako whatsapp taldera bidali mezua...
Eta zergatik ttap? Mugikorreko pantaila atzamarragaz mugitzean egiten den keinuari ingelesez tap esaten zaiolako, eta euskaraz ere antzeko berbaren bat beharko genukeela pentsatu genuelako. Dagokienek barkatuko ote digute atrebentzia.
Bestalde, alde askotako elkarlanari esker sortutako proiektua da hau. Batetik, Tokikomen aterkipean abentura honetan batu garen Baleike, Goiena eta Anboto hedabideak. Bestetik, arlo honetan eskarmentu handia duten Kataluniako Esguard aldizkari digitalaren sortzaileak. Ikasteko gogoaren eta esperientziaren baturak bere fruituak emango dituela ziur nago. Beraz, egin dezagun ttap!