“%100 hedabide digitala da ‘ttap’; eskuko telefono zein tabletetatik irakurri, ukitu, ikusi eta entzun ere egin daiteke"

Tokikom 2018ko uzt. 24a, 10:30
Monika Belastegi

Euskarazko komunikabide berri bat jaio da aste honetan: Ttap aldizkariak bere zero zenbakia aurkeztuko du Donostian, eta irailetik aurrera astero-astero iritsiko da irakurleen poltsikoetara. Anboto (Durangaldea), Goiena (Debagoiena), Baleike (Zumaia) Tokikom eta Esguard (Bartzelona) dira proiektuaren bultzatzaileak. Monika Belastegi da hedabide berritzaile honen zuzendaria.

Zer da Ttap?
%100 hedabide digitala da; eskuko telefono zein tabletetatik irakurri, ukitu, ikusi eta entzun ere egin daiteke. Izan ere, Ttap erabat multimedia da, eta edukiak hainbat formatu eta euskarritan landuko ditu, erabiltzaileari esperientzia atsegin eta interesgarria eskaintzeko. Testuekin batera, bideoak, audioak eta grafiko interaktiboak ere eskainiko ditu.

Edukiei dagokienez, zein informazio landuko duzue?
Ttap-ek gertuko gaiak landuko ditu, erraz eta azkar kontsumitzeko moduan. Batez ere, inguru urbanoan eta garraio publikoan kontsumitzeko egingo dugu Ttap, telefonoa aldean hemendik hara dabiltzan horientzat. Aldizkariaren zenbaki bakoitzak 16 orrialde izango ditu, eta gutxi gorabehera ordu laurden batean irakurri ahal izango da. Hala ere, edukietan sakondu gura duenak beti izango du horretarako aukera, mimo handiz landutako audio eta bideo piezen bidez.

Ttap izena nondik dator?
Ingelesez mugikorreko pantaila ukitzeari tap esaten diote. Hari horri tiraka, euskaraz antzeko berbarik ez zegoenez, Ttap izena bururatu zitzaigun.

Edizio bi izango dituela aurreratu duzue.
Edizio bi izango ditu momentuz, bat Bizkaian eta bestea Gipuzkoan, eta kolaboratzaile zerrenda zabal eta plurala: Pilar Kaltzada, Ander Izagirre, Hasier Hilario, Izaro Andres, Joseba Barandiaran, Arantxa Urretabizkaia, Unai Iturriaga, Joseba Sarrionandia, Lara Izagirre, Arantza Santesteban…

Zelan sortu da Kataluniako hedabideekin elkarlanean proiektua abiatzeko aukera?
Aurretik ere bagenuen kontaktua Kataluniako hedabideekin. Ttap-en oinarria den Esguard aldizkari digitalak 6 urteko ibilbide oparoa du Katalunian. Publikoak oso ondo erantzun dio han formatu berri honi. Azken urteotan Esguard-en pilatutako esperientzia Ttap-en baliatu guran, elkarlanean oinarritutako proiektua jarri dugu martxan.

Zer egin daiteke zero zenbakia irakurtzeko?
Zero zenbakia jaso gura duenak ttap.eus webgunera joan eta iOS zein Android aplikazioa deskargatu behar du uztailaren 27tik aurrera. Aplikazio horrek kiosko moduan funtzionatuko du, eta zero zenbakia zein aurrerantzean kaleratzen diren guztiak deskargatu ahalko dira bertatik. Gainera, abuztua amaitu bitartean deskargatzen duten guztiek mugikor edo gailu baten zozketan parte hartzeko aukera izango dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!