Oraindik ere, badirudi lidergo postuei baiezkoa ematea gizon batentzat erronka dela eta emakume batentzat berriz zorakeria

Erabiltzailearen aurpegia Jone Guenetxea 2016ko uzt. 30a, 22:52

Badakizu non sartzen ari zaren? Esaldi hau behin baino gehiagotan entzun beharko du egunotan Jasone Agirrek, EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburua dela publiko egin ostean. Nik neuk ere horixe bera esateko tentazioa izan nuen telefonoz berria eman zidanean. Oraindik ere, badirudi lidergo postuei baiezkoa ematea gizon batentzat erronka dela eta emakume batentzat berriz zorakeria.

Txiki sentiarazten gaituzten jarrerak dira. Mezu horiek nonahi daude. Alde guztietan. Maitasun erromantikoan daude, printze-printzesen ipuinetan, kolonien iragarkietan, gabonetan umeei jolasak aukeratzeko eskuartean ikusten dizkiedan aldizkari megamatxistetan, kirolean, kazetaritzan…Mezua argia da: ”Gauza asko egiteko gai zara, boterera hurbil zaitezke, baina erabakiguneak gizonenak dira”. 

Horregatik, bereziki poztu nau Jasone Agirrek politikarako jauzia emateko erabakia hartu duela jakiteak. Alde pertsonaletik poztu nau. Bere bizitza hankaz gora jarri eta erronka horri heldu diolako. Berdin da politikan edo beste arlo baten izan. Pauso bat aurrera emateko adorea izan du. Zenbat emakume urrats hori emateko gogoz geldituko ziren honengatik edo beste harengatik. Politikagintzan baditugu eskualdean herri administrazioetan eta kargu garrantzitsuetan dauden edo egon diren politikariak. Ana Otadui, Pilar Ardanza, Neskutz Rodriguez, Idoia Agorria eta beste hainbat. Geroz eta gehiago dira erabakiguneetan egon gura dutenak. Izan ere, politikaren aro berri bat ez da posible izango feminismotik ez bada. Parekidetasun erreala bermatzen ez bada. Beraz, politikan zein beste edozein esparrutan animo pauso bat aurrera eman duzuen guztioi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!