Floritan emakumearen irudi idealizatu bat agertzen da, etxeko erregina perfektua. Eredu horrek orain mutazio maltzur bat izan du. Gaur egun kaleratzen den komikigintza jakin batek transmititzen du etxetik kanpo helburu laborala izatea ondo dagoela (gizonen moduan) maitasuna eta familia agertzen ez den bitartean. Baina, benetako helburua heltzen denean dena bigarren mailara pasatu behar dela argi geratzen da. Eta ideia hori gaur egun kaleratzen den material askotan eten barik transmititzen ari dela dio Muñozek, salbuespenak salbuespen.
Berdintasunez mozorrotutako eredu maltzur hau zabaltzeko komikigintza ez da erraminta bakarra, ez. Zinea, musika, literatura zein antzerkia, eredu gezurti hauek transmititzeko bitartekoak dira. Gurago nuen Florita. Harek ez zuen gezurrik esaten. Ez zuen ezkutuko mezurik zabaldu gura. Berriz ere, kristalezko hormarekin topo egin behar. Emakumeok lan arloan era askean ezartzen al ditugu gure mugak, helburuak eta anbizioak? Edo, unea heltzen denean argi uzten digute kristalezko horma non dagoen, kolperik har ez dezagun?
Muñozen berbek Sheryl Sandberg Facebookeko goi kargu baten adierazpenak gogora ekarri dizkit. Ibilbide profesionalean emakume batek egiten duen bikote aukeraketaz hitz egin zuen liburu polemiko batean. “Emakume baten ibilbide profesionalaren arrakastaren gakoetako bat bikote on bat aukeratzea da”. Sandbergek dioenez, umeak ez dira ibilbide profesional emankor baten balazta efektua egiten dutenak. Bikotea bai. “Ez dut ezagutzen ardura handiko kargu bat duen emakumerik bere bikotearen babesik gabe. Ez dago salbuespenik”. Maitasun erromantikoaren ondorioak ote? Harrapa ezan hori!